Birsortze urte arrakastatsua, egitasmoaren egokitasuna baieztatzen duena

Maiatzaren 9an Itsasun iragan Biltzarra parada izan da plataformaren basearen berraktibatze eta berritze urtearen bilana egiteko. Urte hau bereziki markatu dute etorkizuneko lurralde kolektibitatea irudikatzeko foroaren antolaketak eta herriko zein elkargoko hauteskundeetako hautagaien sentsibilizazio lanak.

Birsortze urte horren bilanak eta urteko Biltzarreko eztabaidek Lurralde Kolektibitaterako bilakaeraren aldarrikapenak pizten duen interesa eta jendarte zibilaren igurikatze handiak berretsi dituzte. Batera dinamikaren potentziala baieztatzen da:

  • Jendartearen interes handia eta igurikatze handiak Lurralde Kolektibitaterako (CTSP).
  • Gaian aitzinatzeko gehiengo sozial eta politikoa.
  • Dinamikaren potentzial handia.
  • Gogoeta amankomunak eramateko eta lurraldeko hautetsiak zein jendarte zibila elkarrekin mobilizatzeko erronka.

Hexagonoan, aldeko testuingurua

Momentu honetan, gainera, testuingurua bereziki aldekoa da hexagono mailan. Deszentralizazioaren eta kolektibitateen antolaketaren gaia parlamentu mailan berriz abiatu da. Bilakaera instituzionaletarako leiho politikoa irekitzen ari da.

Alsaziako adibidea lekuko: Asanblea Nazionalean eztabaidatua, Alsaziako Europar Kolektibitatearen estatusaren bilakaerak erakusten du bide parlamentarioa lorgarri dela, gobernu gehiengorik gabe ere. Testuinguru horretan, Ipar Euskal Herria berantarekin ageri da. Urgentziazkoa da Ipar Euskal Herriko eragile guziak inplikatuko dituen lurralde eztabaida antolatzea.

Euskal Hirigune Elkargoaren 10 urteak begiz jota

Perspektiba horretan, Batera etorkizunari begira dago. Euskal Hirigune Elkargoaren 10. urtemuga aukera ezin hobea da egindako bidea argitara emateko eta ondoko etapara pasatzeko mobilizazioa azkartzeko.

Ondoko hilabeteetan, Baterak hainbat hitzordu finkatuko ditu aldarrikapen horri indar eta ikusgarritasun handiagoa emateko.

Baterak deia luzatzen die Ipar Euskal Herriko Lurralde Kolektibitatea eraikitzen lagundu nahi duten guziei, plataformara batuz laguntzaile gisa, edo sustengu ekonomikoa emanez.

Scroll to Top