Pirinio-Atlantikoetako Prefetaren adierazpenen ondotik, Baterak berresten du osoki babesten duela Ipar Euskal Herritik eta Ipar Euskal Herriarentzat laborantza politika obratzeko hautetsiak, laborantza eragileak eta herritarrak bilduko lituzkeen Laborantza eta Elikadura Kontseilu baten sortzea.
2002an sortu zenetik, Batera herritar plataformak beti defenditu izan ditu gure lurraldearen errealitateari egokitu laborantza politika obratzeko tresnak: Laborantza ganbara ofiziala eta, frantses Estatuaren ezaren ondotik, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen sorrera 2005ean.
Halaber, “Laborantza lurrak zaintzeko gobernantza, estrategia eta ekintza” eta “Denentzako elikadura sano eta iraunkor baten promozioa eta sustapena” eskumenak 2018ko abendutik hartu zituen Euskal Hirigune Elkargoaren alde engaiatu zen. Geroztik, lurraldean, hainbat ekimen eta gogoeta abiatu dira Laborantza eta Elikadura gaien inguruan, Ipar Euskal Herria hunkitzen dituzten erronka globalei erantzuteko (klima, lurra, etxebizitza, demografia, energia…).
Gaur egun, gure lurraldeko laborantza eragileek, kontsumitzaileek eta hautetsiek urrunago joateko borondatea erakutsi dute, ekintza publikoa hobetzeko beste tresna bat landuz: Laborantza eta Elikadura Kontseilua. Tresna horrek erabaki politikoak Ipar Euskal Herriko herritarrengana eta eragile sozioekonomikoengana hurbiltzen lagunduko du. Eta bat egiten du Baterak duen ikuspuntuarekin ekintza publikoa hurbilagoa, demokratikoagoa, egokituagoa eta eraginkorragoa izan dadin, ikuspuntu horrek Euskal Elkargotik estatus bereziko Lurralde Kolektibitatera pasatzea ere eskatzen duelarik.
Batera plataformak osoki sustengatzen du Laborantza eta Elikadura Kontseilua sortzeko proiektua, eragiteko gaitasun handiagoa ahalbidetuko duen Erakunde baterantz joateko esperantzan. Frantses Estatuko ordezkariei eta zerbitzuei gure lurraldeko ekimen politikoak eta sozialak errespetatzeko eskatzen die. Baterak elkartasun osoa erakutsi nahi die proiektu horretan engaiatuak diren herritar eta kontsumitzaileen elkarteei, laborariei, laborantza arloko eragileei eta hautetsiei. Duen herritar plataforma izaera zainduz, Batera adi eta mobilizaturik egonen da gure lurraldeko eskubide demokratikoak errespetatuak izan daitezen.
