Batera – Sartzeko prentsaurrekoa

Batera: birsortzearen prozesua martxan

Bateraren birsortze prozesua udaberrian hasi zen, besteak beste 2025-2028ko bide-orria finkatu zuen maiatzaren 10eko Biltzar Nagusiarekin. Bide-orri horren lehen mugarria 2026ko martxoan izanen dugu, Elkargoko eta herriko bozekin batera. Mementoa izanen da erakusteko Lurralde kolektibitatearen aldeko aldarrikapenak gehiengo sozial zabala baduela, denek elkarrekin urratsez urrats xutik ezartzen hasi aitzin.
Azken hilabete hauetan Bateraren ibilmoldea egituratu dugu, lantaldeak abiatuz. Proiektu kolektibo eder honetan bada lana egiteko oraino, eta laguntzeko prest den oro ongi etorria da.

Udazken honetan Lurralde kolektibitatearen edukia lantzen hasiak gara. Adostasun handiko puntuak azalarazi dira, hala nola: egungo Euskal Hirigune Elkargotik Lurralde kolektibitatera pasatzeko nahia, hostopil instituzionalari geruzarik gehitu gabe beste egitura bat sortuz; instituzioan herrien -eta herrietako ordezkarien- rola bermatzea. Herritarren eguneroko beharrei erantzunen dien eta lurralderako proiektu sendoa eramanen duen egitura bat asmatzeko gogo handia bada, egitura horretan hautetsiek bere toki osoa luketelarik Kolektibitate zein toki mailan.

Abiatu dugun bigarren gogoeta Lurralde kolektibitate horrek izan beharko dituen eskumenei buruzkoa da. Hainbat sektorerekin ari gara lanean (ekonomia, soziala, etxebizitza, laborantza, trantsizio ekologikoa, hizkuntza politika…) arloz arloko argazkia egiteko, Lurralde Kolektibitateak zer ekarriko lukeen ikusteko, gure lurralde mailan garatu beharreko gaiak zein diren gogoetatzeko, baita ere sortu beharreko baldintzak arlo honetan Kolektibitatea eraginkorra izan dadin.

Deszentralizazioa eztabaidagai

Eramaten ari garen lanaren inguruan jarrerak arras positiboak dira, eta, kontrakoa badirudi ere, testuingurua alde dugu.

Agorrilean, IFOP erakundeak deszentralizazio, lurralde identitate eta aldarrikapenei buruzko sondeoaren emaitzak argitaratu ditu. “Ipar Euskal Herriko estatus bereziko lurralde kolektibitate”-ari buruzko galdera bazen. Sorpresarik gabeko emaitza argia atera da, hots ipar Euskal Herriko biztanleen %62 alde dira, hauen artean %34 “osoki alde”. Azpimarratu behar da “aldekoen” kopurua 2000. urteko kopurutik arras hurbil dela ( %62 2025ean, %66 2000an). Euskal Hirigune Elkargoaren sorrera ez da aski izan beraz garaian azalarazi nahia asetzeko. Alderantziz ere, “osoki alde” direnen kopurua %25etik %34ra pasatu baita.
Parisen ere deszentralizazioa denen ahotan da, Bayrouren gobernuaren garaian zen bezala, gobernu horrek promulgatutako azken legeek Paris, Marseilla eta Lyon herrien bozka sistema erreformatu baizuten edota Mayotteko estatus bereziko lurralde kolektibitatea sortu. Ondotik, Sébastien Lecornu lehen ministroak “deszentralizazio fase” berria iragarri zuen, postuan izendatua izan bezain laster. Zenbait hilabeteren buruan lehen ministroa nor izanen den jakitea zaila bada ere, deszentralizazio fase hori eramaten segituko dute segur aski. Eskas demokratikoa agerian delarik, hostopil administratiboa sinplifikatu behar delarik eta instituzio publikoen eraginkortasun eskaseko ekintzaren aitzinean, eragile politiko guziek bat egiten dute erreforma baten beharra badela errateko.

Eztabaida hau nola eramanen den ez badakigu ere, badakigu mahainaren gainean pausatuko dugun aldarrikapena: Ipar Euskal Herriko Lurralde Kolektibitatea.

Azaroaren 22ko Foroa

Testuinguru horretan, hitzordua garrantzitsua dugu azaroaren 22an, Lurralde Kolektibitatea denek elkarrekin gogoetatzeko Baionako Arteen Hirian iraganen den Foroarekin.

Udaberrian Frantzian dauden lurralde kolektibitate eredu desberdinak aztertu genituen, eta berezikiago 2015ean sortu Lyongo Metropoliarena, gaur egun kolektibitate hori bakarra baita hirigune elkargoko baten eskumen guziak eta beste batzuk biltzen dituena. Oinarri ona dugu beraz Euskal Hirigune Elkargotik Lurralde Kolektibitatera pasatzeko. Bestalde, Lyongo Metropolia lurralde kolektibitate bakarra da ere herrietako auzapezen ordezkatzea bere organigraman segurtatzen duena. Puntu inportantea da guretzat, nahiz eta gure ordezkatze sistema propioa asmatu beharko dugun: zein da formularik hoberena gure kasuan? Gure lurraldearen errealitatea kontuan harturik egokiena? Nola uztartu sufragio unibertsal zuzena eta herrien ordezkatzea? Nola erantzun denen beharrei, kostalde urbanoaren eta Barnealde ruralaren beharrei ere erantzunez? Galdera hauentzat erantzun propioak asmatu beharko ditugu.

Lurralde kolektibitate bat “estatus bereziko” bilakatzen da bere eskumen propioetaz gain esleitzen zaizkion eskumen gehigarriak kudeatzen dituelarik. Zein dira ipar Euskal Herri mailan jorratu nahi ditugun arloak eta gaur egungo koadro instituzionalarekin jorratu ezin ditugunak? Zein dira lehentasunez bertokiratu beharko genituzkeen premiazko eskumenak lurralde mailako kudeaketa eta erabakimena segurtatzeko?

Batera herritar plataforma izanki, azaroaren 22an herritar guziek dute hitzordua biharko lurralde kolektibitatea asmatu eta gure lurraldearen etorkizuna diseinatzeko.

Goiz osoa iraunen duen foro horretan ondokoak izanen dugu aipagai: Kolektibitatearen egituratze juridikoaren inguruko gogoetan zertan garen; beste Lurralde kolektibitate batzuetako lekukotasunak, berezikiago hartu dituzten “Eskumen gehigarriei” buruz. Atelierrak ere antolatuko ditugu, zeinetan
bakoitzak bere iritzia eman eta ekarpenak egiteko parada izanen duen. Foro horri buruz xehetasun gehiago laster emanen dizkizuegu. Hala ere, data gaurdanik nota ezazue zuen agendetan, Lurralde Kolektibitatea lortzeko bidean urrats garrantzitsua izanen baita. Anartean, kanpainan parte hartzeko manera anitz bada, izan laguntzaile bilakatuz, izan ekarpen ekonomikoa eginez. Xehetasun guziak eraikitzen ari garen webgunean atxemanen dituzue: https://plateformebatera.org/

Scroll to Top